Adimen urritasuna

  • Zer da?

Amerikako Adimen-urritasunaren Elkarteak dioenez, adimen urritasuna “egungo funtzionamenduaren funtsezko mugapenei dagokie. Bere ezaugarria batezbestekoaren azpitik dagoen funtzionamendu intelektuala da, normalean ondoko egokitzapen-trebetasunen arloetako bitan edo gehiagotan beste mugapen batzuekin batera existitzen den funtzionamendu intelektuala, alegia: komunikazioa, norbere zaintza, etxeko bizitza, trebetasun sozialak, komunitatearen erabilera, norbere burua zuzentzea, osasuna eta segurtasuna, ikasketa-trebetasun funtzionalak, aisialdia eta lana. Adimen urritasunak 18 urte bete aurretik agertu behar du.”

Adimen urritasunaren eragileen artean ingurunekoak (kasu guztien %30,03) eta genetikoak (%18.84) daude. Gainontzeko kasuetan (%51), eragileak ezezagunak dira.

Faktore genetikoak:

– Kromosoma anomaliak: Down sindromea, Edward sindromea, Patau sindromea, X kromosoma ahula…

– Metabolismo nahasketak: Aminoazidoak, karbohidratoak, lipidoak, metabolizazioaren gaixotasunak.

– Hormona urritasun larriak: Hipotiroidismoa, krenitismoa…

Inguruneko faktoreak (hauek eragina izan dezakete baina ez dira determinanteak):

– Jaio aurretik: Infekzioak, irradiazioak, toxinak…

– Erditzerakoan: Goiztiarra izatea, anoxia, garun kaltea…

– Jaio ondoren: Garun kaltea, menigitisa, anoxia, enzefalitisa, intoxikazioak, hormona urritasuna, arazo metabolikoak…

Hala ere, ezagunenak, faktore genetikoan ondorioz ematen diren Down sindromea edo X  kromosoma ahula dira:

– Down sindromea:

21. kromosoma parean hiru kromosoma agertzearen ondoriozko azaldura genetikoa da. Sindrome hau duten pertsonek bihotzeko patologiak, sistema endokrinokoak edo digestio-aparatuko arazoak izan dezakete.

Haurdunaldiaren 16.astean egin daitekeen amniozentesiaren bitartez detektatu daiteke baina honek aborturako arriskua ekar dezake.

– X kromosoma ahula:

X kromosomaren mutur batean gertatzen den gen baten mutazioaren ondorioz ematen da. Batez ere gizonezkoei eragiten die (1/4000), emakumeek beraien DNAn pasatzen baitute.

  • Eragina:

Adimen urritasuna duten pertsonek, eguneroko funtzionamenduan laguntza behar izaten dute, esaterako, komunikazioan, norbere zaintzan, trebetasun sozialetan, ikasketa-trebetasun funtzionaletan, aisialdian…

Hauen funtzionamendu intelektuala batazbestekoaren azpitik egoten da eta ikaskuntza-prozesuetan zailtasunak izaten dituzte. Honek eragina izan dezake ezagutzazko gaitasunetan, mugimenduzkotan, afektibotan, sozialetan eta pertsonartekotan.

 

  • Hezkuntzaren esku-hartzea:

Haur hauentzat, ebaluazio, helburu, eduki eta metodologia aproposak aukeratu behar dira:

– Ebaluazioa: Ikaslea eta testuinguruan oinarritzen den ebaluazioa egin behar da, haurraren arlo indartsuak eta ahulak sistematikoki ebaluatuz eta aspektu psikologikoak, emozionalak, fisikoak eta osasunezkoak kontutan hartuz.

– Helburu eta edukiak: Ikaslearen adin kronologikoari egokitu behar dira. Funtzionalagoak diren helburu eta edukiei lehentasuna eman behar zaio eta hauek lortzeko denborak malguak zan behar dira.

– Estrategia metodologikoak: Haurren arrakasta eta motibazioa helburutzat hartuz, bere gaitasun mailari egokitutako iharduerak azaldu behar zaizkio eta erabilgarriak izango zaizkion ikaskuntzak erakutsi. Eman beharreko laguntzari dagokionez, hiru mota daude, fisikoak (mugimen-trebetasunak eta autonomia erakusteko), ahozkoak (bere zereginetan ikasleari jarraibideak ematea) eta ikusmenezkoak (zereginetan ikusmenezko estimuluak erraztea).

Honetaz gain, posible da iharduerak Inbentario Ekologikoetatik abiatuz planteatzea. Estrategia honekin ikaslearen premiaren arabera ingurune bat zehazten da (denda bat, sukaldea, taberna…) eta ingurune bakoitza azpi-ingurunetan banatu eta bakoitzean garrantzitsuak diren iharduerak zehaztu ostean, eginkizun bakoitzerako beharrezkoak diren trebetasunak zehaztuko dira.

– Irakasle bezala, beraien nahiak kontutan hartu behar dira, nahi dutenaren inguruan galdetu behar zaie eta kontaktu bisuala mantendu behar da beraiek gustura sentitzeko.

  • Bizipena:

Rosi, Jose, Joakin, Jabi eta Rafa Goienetxe fundazioko Garagune zentrotik HUHEZIra etorri ziren beraien bizipenak azaltzera.

Hezitzaileen laguntzarekin, ekintza desberdinen bitartez hainbat alderdi lantzen dituzte: Garapen pertsonala, ongizate fisikoa, lagunarteko eta familiarekin erlazioak, autodeterminazioa, gizartera inklusioa eta eskubideak.

Beraien ahoetatik entzun genuen aurretik izandako eskoletan (Patronato de San Miguel eskola esaterako) tratu txarrak jaso zituztela ez zutelako irakurtzen, idazten, zenbatzen… ikasten. Beraien oroitzapenak ez dira onak baina gaur egun bizi duten egoera oso desberdina da.

Egungo hezitzaileek errespetuz tratatzen dituzte eta irakasle baten ezaugarrien inguruan galdetu ostean, zera erantzun zuten:

“Heitzaileak dibertigarriak, alaiak, entzuten dakitenak, politak, laguntzeko prest, langileak eta formalak izan behar dira. Gainera gure nahien inguruan galdetzen diguten pertsonak eta begietara begiratzen digutenak gustoko ditugu.”

  • Gizartearen ikuspuntua aldatzen:

AAMR (American Association on Mental Retardation, 1992) arabera:

“Adimen atzerapena jada ez da pertsonaren ezaugarria, baizik eta bere adimen funtzionamendu mugatuaren eta inguruaren arteko elkarrekintzaren arteko adierazpena. “

Beraz, beharrak ingurunearen araberakoak izango dira eta erabiltzen diren terminoak aldatzea ezinbestekoa da: Adimen urritasuna erabili behar da, pertsona hauek EZ dira atzeratuak, tontoak, mongoloak

Konnotazio txarrak alde batera utzi behar dira eta ikuspegi berria eta inklusiboa lortu. Adimen urritasuna ez da norbanakoaren ezaugarri absolutua, funtzionamendu intelektual mugatua duen pertsonaren eta bere inguruaren arteko elkarreginaren adierazpena baizik.

  • Adituaren hitzak:

Jeanette Logopedak, adimen urritasunaren eskolaz kanpoko esku-hartzearen inguruan hitz egingo digu, ondoren, zuentzat gomendio batzuk azalduz:

  • Bazenekien…

1971. urtean NBEk adimen urritasuna duten pertsonen eskubideak onartu zituen.

Ikusi hemen.

Utzi iruzkina