Entzumen urritasuna

  • Zer da?

Norbaitek entzuteko zailtasunak azaltzen dituenean eta bere eguneroko bizitzarako funtzionala ez denean esaten dugu entzumen urritasuna duela. Honen ondorioz, ezin izango du espontaneoki ahozko hizkuntza eskuratu, horrenbestez, hizkuntza ikasteko teknika berezien premia izango du.

  • Eragina:

Belarriak entzumen uhinak jasotzen ditu, hau da, soinuaren uhinak, beraz, belarria gai da soinua jasotzeko. Uhin hauek, belarriaren barraskiloan dauden neurona hartzaileak jasotzen dituzte. Barraskiloa belarriaren egitura berezi bat da, barne belarrian dagoena. Barraskiloa = Koklea.

Entzumen urritasuna hipoakusia eta gorreria (ze gradutan ematen den zehaztu behar da) kontzeptuak hartzen ditu barne. Urritasunaren arabera entzumen arazoak ondorio desberdinak sortarazten dituzte hizkuntza garapenean, garapen kognitiboan eta gaitasun komunikatiboan ere.

Entzumen urritasunaren identifikazioa:

Lesioaren jatorria ikusi eta gero, entzumen arazo hauek bereiz ditzakegu:

  • Eroapen gorreria: Erdiko belarrian sortutakoa da (kanpokoan ere izan daiteke). Bertan, entzumena galarazten duen edozer egon daiteke: Tapoiak, lesio bat, infekzioa… Honi hipoakusia ere esaten zaio, eta entzumenaren galera 60dB baino gehiago ez da izaten, beraz ez da gorreria.
  • Gorreri sentsoriala: Barne belarriko barraskiloan edo entzumenaren nerbio-bidean dagoen akatsak sortutakoa da eta entzuteko ahalmen osoa galarazten du. Gorreri sakona ere esaten zaio. Gorreria noiz sortu den jakitea ere bere garrantzia dauka, hau da, hizketan ikasi baino lehen edo hitz egiten ikasi eta gero sortua izan den. Lehena larriagoa da haurrak ez duelako aukerarik izan hizkuntza bat ikasteko, ondorioz, komunikaziorako oztopo gehiago izango ditu.

Entzumen urritasunaren zenbatekoak:

BIAP erakundeak egindako zenbatekoaren sailkapena da onartuenetakoa:

  • Arina: 20-40 dB-ko galera.
  • Erdikoa: 40-70dB-ko galera.
  • Larria: 70-90dB-ko galera.
  • Sakona: 90 dB-tik gorako galera.
  • Osoa: Ez du entzumenezko erantzunik ematen; kofosis edo anakusia ere deitzen zaio. (Ezer entzuten ez denean)

Gorreriaren jatorria:

  • Herentziazkoa:  Genetikoa, aurrekari familiarrak daude.
  • Jaio aurretik: Haurdunaldian infekzioak etab.
  • Jaio unekoak: Erditzean arazoak, pisu gutxi izatea, oxigeno falta, goiz jaiotzea…
  • Jaio ostekoak: Meningitisa, otitis kronikoa etab.

Guzti hau aztertu ondoren, entzumen urritasuna duen pertsona batek gizartean orokorrean oztopoak dituela jakin behar dugu. Etxean, esaterako, oztopoak dituzte: Tinbrea, telefonoa, alarma etab, entzuten ez dutelako. Kalean ere oztopoak; anbulantzia ez dutelako entzuten, kotxeak ezta ere etab. eta eskolan ere, ahozko komunikazioa erabiltzen delako. Hori dela eta, komunikazio ordezko sistemak proposatuko ditugu, eskolan guztion onarpena posible izateko.

Komunikazio sistema hauek komunikazioa bermatzeko estrategiak dira; forma linguistikoa erabili gabe, zeinuz (ikur edo sinboloz, marrazkiz, irudiz eta keinuz) osatutakoak eta berariazko arauak dituztenak. Honako hizkuntza arazoak dituztenentzako bideratuak daude:

  • Ahozko komunikatzeko ahalmen gabezia.
  • Ahoz komunikatzeko zailtasun larria.
  • Aldi baterako ahoz komunikatzeko ahalmen gabezia.

Azkenean, entzumen urritasuna duen pertsona batek badauka hitz egiteko gaitasuna, baina, izan daiteke jaiotzetik entzuten ez duela eta, ondorioz, ez du gaitasun hori garatu. Baina aldiz, jaio ondoren entzumena galdu baldin badu, hitz egiten jakin dezake.

Hala ere, komunikazioaren ordezko sistemek ezaugarri batzuk betetzen dituzte:

  • Bizitzako arlo guztietan erabiltzeko izan behar dira.
  • Komunikazio eraginkorra bultzatu behar dute.
  • Hizkuntza arazoak dituen pertsona bakoitzari erraz egokitzeko modukoak izan behar dira.
  • Erakargarriak eta erabili behar dituztenen aldetik onartuak izan behar dira.
  • Ahozko hizkuntzaren kode berdinak ez izan arren, helburu berdinak bete behar dituzte: Harremanak sendotu, elkarrekintza bultzatu eta gaitasun komunikatiboa aberastu.
LAGUNTZA GABEKO KOMUNIKAZIO SISTEMAK
Ahozko- komunikazio sistemak

  • Hitzen ahoskera
  • Ezpainen irakurketa
  • Hitz osatua
Sistema hauek mintzairaren erabilera lantzen dute, entzumen hondarrean oinarrituta eta baliabide tekniko eta protesiak erabiliz. Sistema hauen defendatzaileak pertsona gorren gizarte integrazioa errazten dutelakoak daude
Keinu – Komunikazio sistema

  • Daktilologia
  • Zeinuen hizkuntza
Sistema hauen defendatzaileak zeinuen hizkuntza naturalena eta egokiena, gorreri larria edo sakona dutenen gaitasun komunikatiboak lantzeko
Sistema mistoak

  • Komunikazio sistema bimodala
  • B. Schaeffer-en komunikazio osoko programa
  • Pidgin edo komtaktuzko sistema
  • Makaton hiztegia
Komunikazio sistema hauek hizkuntz arazo larriak dituztenentzako bideratuak daude. Ahoz- hizkuntza eta keinuek ez daude kontrajarririk; modu bateratuan erabiliz gero, etekin hobeak lortzen dira.


Baina zer esan nahi du “laguntza gabeko komunikazio sistemak”?

Komunikazio sistema horiek ez dute tresna ezta materialik. Hau da, pertsonaren gorputza ez bada, sistema horien kodeak ez du elementu fisikoen beharrik mezuak igortzeko. Beraz, gorputz mugimendu, keinu eta esku-zeinuetan oinarritutako komunikazio sistemak dira. Hori horrela izanik, laguntza gabeko komunikazio sistemek ikusmen ahalmena eta gorputzaren funtzio motorraren beharra izaten dute. Gorreria edo hipoakusia duten pertsonak dira komunikazio sistema horien erabiltzaile nagusiak.

Hitzen ahoskera sistema:

Mintzamenaren arau linguistikoetan oinarrituta, mintzairaren erabilera lantzen duen aho- komunikazio sistema da. Sistema honen ardatz nagusia mintzairaren ezaugarriak hautematean datza: Ahoskera, ahotsaren intentsitatea, hitz jarioaren erritmoa, mintzairaren etenaldiaren kontrola, etab. Mintzatzen ari garenean egiten ditugun mugimenduen koordinazioa ere lantzen du sistema honek.

Ezpainen irakurketa:

Hiztunen ahoa irakurtzen erakusten duen komunikazio sistema da; ezpainak, aurpegiaren espresio eta aho mugimendua begiratuz, hitzak identifikatzea eta komunikazio sistema da honen helburu nagusia.

Komunikazio sistema honen muga batzuk:

  • Ezagutzen dena irakurtzeko balio du; oso zaila da hiztegi berria gehitzea.
  • Antzera ahoskatzen diren fonemen artean nahasketa sortzen da.
  • Ingurumenaren baldintzapean dago; argia, distantzia etab.
  • Adin txikikoei zail egiten zaie ikastea.

Hitz osatua:

Ezpainen irakurketa laguntzen duen aho- komunikazio sistema da. Komunikazio sistema honek konbinatzen ditu ezpainen eta aurpegiaren espresioetan irakurketa alde batetik, eta bestetik, eskuaren zortzi figura desberdinen interpretazioa. Mezuaren arabera, eskuaren konfigurazioak aurpegiko hiru toki jakin batzuen parean aldatzen joaten dira. Bereziki, antzera ahoskatzen diren fonemak bereizten laguntzen du.

Eskuekin zeinu batzuk egiten diren arren, aho- komunikazioa sistemarentzat hartzen da, eskuen mugimenduez bakarrik ezinezkoa delako mezua igortzea.

Daktilologiak:

Gaur egun gorren artean erabiltzen den komunikazio sistema izan arren, esku alfabetoak sortu zirenean entzuleen artean erabiltzeko izan ziren.

Daktilologia gorren artean erabiltzen da gehien. Alfabetoaren letra bakoitza esku eta atzamarrekin egindako keinu zehatz bat dagokio, izen propioak eta hitz abstraktuak letreiatzeko. Airean idazteko keinu komunikazioa sistema bat dela ere esan dezakegu.

Zeinuen hizkuntza:

1.- Zeinuen hizkuntzaren ezaugarriak honako adierazpenetan ikus ditzakegu:

  • Ahots gabeko hizkuntza da, gorren artean modu naturalean garatua.
  • Eskuen keinuak, gorputzaren mugimenduak eta aurpegiaren espresioa modu bateratuan erabiltzen ditu komunikazio harremanak.
  • Arau morfologikoak eta sintaktikoak berezkoak ditu, ahozko hizkuntzaren aldean desberdinak.
  • Hitz abstraktuak adierazteko zailtasunak ditu.
  • Ez da unibertsala. Estatu bakoitzean berebiziko ezaugarriak nabaritzen dira eta estatu baten barruan ere dialektoak egon daitezke.

2.- Zeinuen egitura elementu aldagarri garrantzitsu hauetan oinarritzen da:

  • Eskuaren kokapena
  • Eskuaren irudia
  • Eskuaren mugimendua edo irudiaren aldaketa
  • Ahurraren orientazioa
  • Aldi bereko aurpegiaren espresioa

Makaton hiztegia:

Funtsezko hiztegi bat da, 350 hitzez eta dagokien keinua osatua. Zailtasunen arabera hiztegia ekintza desberdinez garatzen da, hitzak eta zeinuak konbinatuz; beharra ikusiz gero, piktogramak ere erabil daitezke.

Pidgin edo kontaktuzko hizkuntzak:

Pidgin esanahi zabala eta orokorra duen termino bat da; hizkuntza desberdineko pertsonek modu naturalean sortzen duten komunikazioari pidgin esaten zaio. Mundu osoko entzuleen artean kontaktuzko hizkuntzak erabiltzen dira.

Zeinuen eta ahozko hizkuntzaren arteko harremanaren ondorioz sortzen den elkarrekintza komunikatiboari ere esaten zaio. Adibidez, gorreria duen pertsona heldu bat entzule heldu batekin elkartzen denean, pidgin erabiltzeko egoera gerta daiteke; horrelako egoeretan zeinuen eta ahoskeraren ezaugarriak nahastu egiten dira elkarri eraginez. Helburua komunikazioa da.

  • Hezkuntzaren esku-hartzea:

Aztertu dugun bezala, mila modutan eman daiteke komunikazioa, beraz, hezkuntzaren helburu nagusia guztion arte komunikazioa sortzea da eta inor baztertua ez sentitzea. Horregatik, entzumen urritasuna duen pertsona bat izan ezean, egokitzen zaion komunikazio sistema martxan jarri behar dugu, besteengatik baztertua ez sentitzeko eta harremanak izateko. Askotan, komunikatzeko modu desberdinak dituztenez, ezinezkoa dute besteekin komunikatzea. Gure helburua hau saihestea izango da, horrenbestez, oztopoak kendu beharko dizkiegu. Gehienetan, frustrazioa eta amorrua sentitzen dute komunikazio ezaren eraginez eta horrek, askotan, eskola atzerapena ekartze du.

Ondorioz, lehen aipatu bezala, pertsona ezagutu behar dugu, ez delako berdina gor jaiotzea edo ondoren, entzuteko gaitasuna galtzea. Bere ezaugarriez baliatuz, oztopoak murriztu egin behar dira.

Entzumen urritasun motak aztertu ondoren eta zailtasun hauek dituzten pertsonek erabil ditzaketen metodoak ikuskatu ostean, ikus dezakegu irakasleek zenbait neurri hartzen badituzte eskoletan, haur hauek gainontzeko ikasleekin batera ikasi dezaketela.

Beraz, irakasleak haur bakoitza ondo ezagutu behar du, bere zailtasuna zein den identifikatu eta ondoren, beretzako metodo egokiena zein den aukeratu. Horrelako kasu baten aurrean oso aproposa da, haur horren gelakideek eta irakasleak zeinu hizkuntza edo dena delakoa ikastea, haur honekin komunikatu ahal izateko.

Gainera, umeek jolas moduan ikas ditzakete teknika hauek eta horrelako kasu batean haurrak ez luke laguntza bereziko irakaslerik beharko eta ez litzateke gainontzeko ikasleekiko desberdin sentituko. Aniztasuna errespetatzeko modu bat da proposamen hau, baina, horretarako ikasle, irakasle eta gurasoen (hezkuntza komunitatearen) laguntza behar da.

Bukatzeko, kalean batzuetan ikusten dira zenbait pertsona zeinu hizkuntzan hitz egiten, baina, aurretik ikusi dugun bezala ez da oztopo hauek dituzten pertsonentzako komunikatzeko modu bakarra. Garrantzitsua da kasua aztertzea eta denon laguntzarekin aniztasuna errespetatuz irtenbide bat ematea.

  • Bizipena:

HUHEZIn AransGIko 3 gazte izan genituen entzumen urritasunaren inguruan hitz egiten. AransGi 1967an sortu zen haur gorren familia talde baten ekimenez, beren seme-alaben beharrei arreta egokiaren bidez erantzuteko asmoz. Ordutik aurrera, AransGin Gipuzkoako gor guztien bizi kalitatea hobetu eta gorreriak pertsonaren eguneroko bizitzan eragiten dituen oztopoak arintzeko lanean jarraitzen dute. Horretarako, entzumen zailtasunak dituzten pertsonen alderdi mediko eta psikologikoez, bai eta hezkuntza, lan, gizarte eta familia alorrez ere, arduratzen dira.
Hitzaldiaren lehen zatia 11 urteko Javik egin zuen. Bera zeinu hizkuntzarekin batera, hizkera garatzen hasita zegoen eta hezitzailearen laguntzaz bere bizitzaren egunerokoaz hitz egin zigun.
Javik kontatu zigun langun asko zituela, izan ere, Azkoitin eta Bergaran ikasten zuen eta lagun entzule eta gorrak ditu.
Bestalde DBH3ko bi ikasle ere etorri ziren entzumen urritasuna eta gorreriaren inguruan hitz egitera, Unai eta Ander. Gorreria zer den azaltzeaz gain aipagarriena zen, Unai bere familiako gor bakarra zela eta Anderren kasuan aldiz guraso zein anai arreba guztiak gorrak dira. Honen ondorioz, Anderrek etxea beraien beharrei egokitua du baina Unaiek ez. Beraz, esaterako etxeko tinbrea jotzen dutenena Unaiek ez du entzuten eta ez da konturatzen atea jotzen ari direnik. Aldiz Anderrek etxea argiak ditu eta horrekin baliatzen dira.
Beraien nahia gorrentzako eskola esklusibo batean ikastea da. Etorkizunean gorrentzako unibertsitate batean ikasi nahi dute, baina badakite horretarako Estatu Batuetara joan beharko luketela.
AransGi-ren informazio gehiago, hemen.
  • Gizartearen ikuspuntua aldatzen:
Ohituta gaude sarritan, norbait zeinu hizkuntza komunikatzen ari denean gor-mutua dela esaten, baina, uste hori ez da beti egia. Jendeak uste du gorrak diren guztiak mutuak direla, baina, hori ez da ala.
Badaude gorrak direnak eta hitz egiteko gaitasuna daukatenak, entzumenarekin jaio zirelako eta gor geratu baino lehenago hitz egiten zekitelako edo ikasi egin dutelako.
Mutuak direnak ere, ez daukate zertan entzumen urritasuna eduki behar bi zailtasun hauek ez dutelako zertan bat etorri.
Beraz, uste oker hau argitu nahi dugu, noizbait horrelako egoera batean bazaudete jarrera egokia har dezazuen.
  • Adituaren hitzak:

Jeanette Bragado logopedak, zentzumenen inguruko gainontzeko gaiekin batera, entzumen urritasunarekin izan duen esperientzia azalduko du.

  • Bazenekien…
Askok uste dute zeinu hizkutza unibertsala dela eta horren ondorioz entzumen urritasuna daukaten mundu guztiko pertsonak komunika daitezkela. Uste hori okerra da, izan ere, hizkuntzekin batera zeinu hizkuntza aldatu egiten da.
Gainera, hizkuntzekin azentu ezberdinak dauden bezala, berdina gertatzen da zeinu hizkuntzarekin.
Hala ere, badago zeinu hizkuntza internazional bat ohikoa baina sinpleagoa dena, baina, ez da asko erabiltzen.

Utzi iruzkina